Software Askea Jakintza ikastolan

2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.

Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.

Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.

Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.

XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak... ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.

Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan izatea.

Antzeko beste guneak prestatu ditugunean ezin da esan arrakasta gehiegirik izan dutenik ikastolako komunitatean. Ea oraingoan etekin gehiago ateratzen diogun egindako "montaje" honi. Benetan pozgarria izango litzateke eta gunea osatzen jarraitzeko behar diren animoak eskuratzeko baliagarria.

Ikusiko dugu.

Posted
Views | Favorited 0 Times

Comments (5)

Jan 19, 2010
Karlos said...
Zorionak Jokin! Lan bikaina, a ze inbidia!
Jan 19, 2010
Jolaus said...
Eskerrik asko Karlos! Zuentzat ere baliagarria izatea espero dut ;)
Jan 19, 2010
assar said...
Zorionak ondo egindako lanagatik.
Jan 19, 2010
Jolaus said...
Eskerrik asko Asier. Nire asmoa sarean zehar dagoeneko topa daitekeen informazioa ikastolako kideei modu errazean eskura jartzea besterik ez da izan. Ikastolako kideei baliabideak modu errazean eskura jartzea.

Interes berezia daukat, batez ere, ikasle eta irakasleei hausnarketarako material bat prestatzeko. Irakaskuntzan gabezia handiak ditugu softwarearen erabilerari lotutako alderdi etiko eta hezaitzaileetan. Energia asko gastatzen ditugu baloreetan oinarritutako hezkuntza eredu bat transmititzen, ahalegin handiak egiten ditugu ingurugiro eta ekologiarekin zerikusia dituzten baloreak transmititzen... baina tamalez, oso arreta gutxi eskaintzen diogu softwarearen erabilerari lotuta dauden hainbat baloreei. Prestatutako materialak hauen inguruan hausnarketa egiteko balio baldin badute, egindako ahalegina ez da alferrikakoa izango.

Jan 19, 2010
assar said...
Hezkuntzari buruzko zure "dibagazioak" iristen zaizkidanean FrienFeed-eko jarioaren bidez ("dibagazioak" niretzat, ze beste esparru batekoa naiz), mirestuta nago nola oraindik irakasle batzuk kapaz zareten etengabe hobetzen eta gauza berriak probatzen eta ikasten ibiltzeko, lana hobeto egiteko. Orduan pentsatzen dut ze gutxi baloratuta dagoen maisu izatea gaur egun, eta gero eskolara goaz alabaren andereñoarekin egotera eta gauzak ondo egiteko gogoa daukan irakasle asko dagoela konturatzen gara.

Kristoren lana dago http://softwareaskea.jakintza.net gunean, ordu askotakoa. Espero dut jendeak erabili dezan.

Leave a comment...

visit tracker on tumblr